Gimnasia erritmikako 24. San Andres Torneoa etzi Ipuruan
Etziko txapelketak, gainera, orain arteko marka guztiak gaindituko ditu, egun osoko programazioan 500 gimnastaren bueltan izango direlako parte hartzen, 51 klub ordezkatzen. Goizean taldeen txanda izango da, estatuko 1. Mailako ordezkaritza esanguratsuarekin eta, horrez aparte, senior, junior, infantil maila absoluto, oinarrizko infantil, oinarrizko kadete eta oinarrizko jubenil mailako talde askorekin. Bezperan, zapatuan, Tolosako torneoan izango dira parte hartzen Ipuruako lehen mailako hiru taldeak.
Bestalde, estatu mailako txapelketan parte hartzen duten Ipurua Klubeko hiru taldeak Euskadiko Txapelketan hartu zuten parte aurreko domekan eta, “erkidego mailan denboraldiko hitzordu garrantzitsuenetarikoa den horretan”, hirugarren postua eskuratu zuten hirurek. Senior mailakoak muntaia konplexuarekin dihardute lanean eta emaitza horrekin ezin izan zuten Espainiako Kopako 3. faserako txartela eskuratu; oinarri jubenil talde berrituak martxa onean dihardute, nahiz eta hiru gimnasta berri izan taldean; azkenik, infantil mailakoek ere ondo erakutsi zuten taldeko teknikariei esker emandako aurrerapausuak.