Gimnasia erritmikako San Andres Torneoa jokatuko da bihar Ipurua kiroldegian

Gimnasia erritmikako San Andres Torneoa jokatuko da bihar Ipurua kiroldegian
2023/10/27 12:18
eta kitto!
San Andres Torneo horretako 23. edizioa izango da jokoan biharkoan, betiko lez, goiz eta arratsaldeko saioetan banatuta. Goizeko 11:00etan hasi eta arratsaldeko 19:30ak arte Ipuruak maila handiko ikuskizuna eskainiko die bertaratutakoei. Goizeko saioan banakako lehiaketa jokatuko da eta bazkaldu ostean taldekakoa. EAEko eta inguruko hogei klubetik gora izango dira parte hartzen, Ipurua Gimnasia Erritmikoa taldearekin batera. Eibarko klubak senior absoluto eta jubenil oinarrizko taldeekin izango da, biak ere estatu mailan lehiatzen duten federatuen arloko taldeak. Jakina, faboritoen artean izango dira: azken aldian jokatutako Euskadiko Txapelketan ere zilarrezko domina eskuratu zuten biek ala biek, modu horretan Espainiako Koparako txartela eskuratuz. Iaz jokatutako azken edizioan Eibarko jubenil oinarrizko taldeak irabazi zuen bere mailan; eta han izan ziren, podiumean, Haizeder Arguiz, Maialen Apraiz, Ane San Martin, Indira del Pino eta Arrate Baskaran.