Cristobal de Sugadi eskribauaren eskritura publikoak erregistratzeko dirulaguntza jaso du Eibarko Udalak

Cristobal de Sugadi eskribauaren eskritura publikoak erregistratzeko dirulaguntza jaso du Eibarko Udalak
2022/09/13 14:32
eta kitto!


Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak dirulaguntzak eman dizkie Bergara, Eibar, Hernani eta Oñatiko 18 proiekturi, haien dokumentu-ondarea berreskuratzeko. Diru-laguntza horiek urtero ematen dira eta Gipuzkoako Artxibo Orokorrak kudeatzen ditu (AGG-GAO).

Irabazi asmorik gabeko erakundeei eta instituzioei zuzenduta daude laguntza hauek. Oraingo honetan, adibidez, Eibarko Udalak, Cristobal de Sugadi eskribauaren eskritura publikoak erregistratzeko (1600/1601) dirulaguntza eskatu du; Bergarako Udalak 1935, 1940 eta 1945eko biztanleen erroldarako;  Hernaniko Udalak, Miguel de Iriarteren aurka (1568/1588) izapidetutako autoetarako, Domingo de Barragain kondenatzeko betearazpen-autoak (1638/1639), Martin Etxerreagaren eta Magdalena de Soroaren arteko auzia (1662/1665), Esteban eta Jordana de Echezarretaren eta Juan López de Alcegaren oinordekoen arteko auzia (1654), Martin Asteasuinzarrak Juan López de Aizpuruaren aurka egindako eskaera (1656), Ana de Aldayaga eta Juanes eta Juan López de Alcegaren arteko auzia (1662), Martin de Asteasuinzarraren ondasunen exekuzio-autoak (1685), Domingo de Amasorrainen aurkako autoak (1740), Miguel de Asteasuinzarrari (1742) eragindako zaurien errudunen aurkako autoak eta Joseph Manuel de Zamoraren kereila (1743); eta amaitzeko, Oñatiko Udalari ere dirulaguntza eman zaio herriko ohorezko ofizioen bildumen liburuagatik (1782-1876), Karlos I.aren berrespena, Handizkako Ordenantzarena, 1477an onartua eta 1485ean Errege Katolikoek berretsia, 1700etik 1706ra bitarteko udal kontuen liburua eta María Pérez de Lazarraga andrearen auzia (1591).

Laguntza hauei esker, pergaminoan, paperean eta zeluloidean berrezarri dira dokumentuak; besteak beste, hiri-gutunak, pribilegio eta mercedes errealen liburuak, udal-ordenantzak, akta-liburuak eta udal-kontuenak, auziak, testamentuak, protokoloak, erroldatze-liburuak, kartelak, kirien liburua, film zinematografikoak, antiariuma, hiri-planoak eta ontzienak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Turismo eta Kirol Departamentuak 1993tik aurrera garatzen ari den Gipuzkoako dokumentu-ondarea zaharberritzeko diru-laguntzen ildo bat du, Euskal Kultura Ondareari buruzko 1990eko Legeak ezarritako eskumenak betez.

Diru-laguntza jaso dute artxibo eta bildumetako dokumentuek, baldin eta gutxienez 50 urteko antzinatasuna badute eta historian zehar Gipuzkoan eskurantzak, eginkizunak edo jarduerak egin dituen edozein administrazio, entitate edo pertsonak sortu edo jaso baditu, betiere dokumentazio hori Lurralde Historiko honetan badago.

Horri dagokionez, Harkaitz Millan Kultura diputatuak adierazi duenez, “ondarea mantentzea eta kontserbatzea gizartearen sentsibilitatearen eta heldutasunaren ikur nabaria da”, eta, gainera, “bultzada handia da jarduera ekonomikorako eta espezialista askorentzat lan- eta prestakuntza-aukera da”.

1993tik gaur arte, erakunde hauei eman zaizkie diru-laguntzak: Albiztur, Aretxabaleta, Arrasate, Asteasu, Azkoitia, Azpeitia, Bergara, Deba, Donostia, Eibar, Elgeta, Errenteria, Ezkio-Itsaso, Gaintza, Hernani, Hondarribia, Irun, Lizartza, Mutriku, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Orexa, Orio, Ormaiztegi, Soraluze-Placencia de las Armas, Segura, Tolosa, Zarautz, Zegama eta Zizurkil.

Irabazi asmorik gabeko erakundeak: Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoa, Gipuzkoako Ozeanografia Elkartea, Donostiako Real Automóvil Club Vasco-Navarro, Asociación Cultural Filmoteca Vascas -Euskadiko Filmategia, Hondarribiko San Pedroko Marinelen Kofradia eta Arrasate Zientzia Elkartea.