Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseilua Eibarren bildu da gaur goizean
Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseilua Eibarren bildu da gaur. Legegintzaldi honetan egiten ari diren saio ibiltarien esparruan antolatu da bilera, “lurraldeko udalerrien beharrak, erronkak eta proiektuak bertatik bertara ezagutzeko eta horiekiko lankidetza estutzen jarraitzeko, baita herritarrei erakundearen jarduera hurbiltzeko ere”. Foru diputatuek, Eider Mendoza diputatu nagusiarekin batera, asteroko ohiko topaketa egin dute Armeria Eskolan. Horrela, lurralde osoarekin lotutako zenbait neurri eta erabaki onartzeaz gain, hurbiletik ezagutu ahal izan dute Lanbide Heziketako ikastetxe horren lana, “aitzindaria eta erreferentea baita Gipuzkoan eta Euskadin”.
Kontseilua egin aurretik, Eider Mendozak eta Jon Iraola Eibarko alkateak lan bilera egin dute, hirian lantzen ari diren erronka eta proiektu nagusiak bertatik bertara ezagutzeko. Diputatuen Kontseiluaren ondoren, foru diputatuek, alkatearekin batera, Armeria Eskolaren instalazioak ezagutu ahal izan dituzte, Imanol Urreisti zuzendariaren eskutik.
Nabarmendu dutenez, “jada ehun urte dituen ikastetxe publiko eibartarra erreferente da, prestakuntza eskaintza zabalarengatik ez ezik, inguruko enpresa ehunaren eraldaketetara eta berrikuntzetara etengabe egokitzen delako”. Bisitan, gaur egun lantzen ari diren proiektu aurreratuetako bat ezagutu ahal izan dute: aulki robotizatu autonomoa garatzen dihardute, garun-paralisia eta mugikortasun arazo larriak dituzten adingabeen bizi kalitatea hobetzeko.
Eider Mendoza diputatu nagusiaren berbetan, “helburua lurraldeko eta udalerriko proiektuak eta estrategiak ezagutzea eta partekatzea da, baita herritarren kezkak eta ekarpenak biltzea ere. Gipuzkoa osora irekita ari gara lanean, ahalik eta udalerri, auzo, enpresa eta eragile gehienekin bilerak eginez. Eibar lurraldeko ekintzailetasun eta gizarte ekimeneko gune garrantzitsuenetako bat da, eta, beraz, topaketa honek aukera ematen digu udalarekin lankidetzan aurrera egiteko, partekatzen ditugun proiektuetan sakontzeko”.
Kontseiluaren bilkura Armeria Eskolan egin denez, Lanbide Heziketaren garrantziaz ere aritu da Mendoza, gure gizartearen ongizaterako “funtsezko” funtzio bat duela azpimarratuta, “ez bakarrik gazteak ogibide batean prestatzen dituelako, baizik eta berritzailea delako eta gizarte eta ekonomia sarearekin etengabeko harremana duelako”.