Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak Errebali buruzko inputazioak bertan behera laga ditu
Iñaki Arriola, Miguel de los Toyos eta Jose Luis Valles sozialistek barixakuan (urriaren 31n) prentsaurrekoan azaldutakoari jarraituta, Errebalgo auziarengatik Eibarko udaleko hainbat ordezkari politiko eta teknikariren aurkako inputazioa atzera bota du Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak: "Auzitegiaren autoa behin betikoa da eta gai honi erabateko amaiera ematen dio. Beraz, Eibarko epaitegiak 'prebarikazio arrastorik txikienaren proba bakar bat ez dagoela' dioen eta auziaren artxibatzea dekretatu zuen autoarekin bat dator". Epaitegiaren erabakiarekin pozik agertu baziren ere, gaia auzitegietaraino eraman zuen Aralarrekin zein EH Bilduk gaia erabiltzeko moduarekin minduta zeudela azaldu zuten: "Eibarko udaleko arduradunen eta batez ere Iñaki Arriolaren eta Miguel de los Toyosen kudeaketaren zintzotasuna zikintzeko asmoz Aralarrek eta EH Bilduk sortu nahi izan duten 'ustezko Errebal auzia' amaitu da". Gauzak horrela,"kosta ala kosta auziari etekin politikoa" ateratzeko ahalegina aurpegiratzearekin batera, agerraldia amaitu aurretik alderdi bietako ordezkariei esandako gauza guztien inguruko erantzukizuna eskatu nahi izan zieten: "Gure irudia kaltetzeko asmoz auzia instrumentalizatzen ibili diren Aralar eta EH Bilduko arduradun politikoek egindako mina osatuko dute orain? Ez legoke gaizki 'asko sentitzen dugu, oker geunden eta ez da berriz horrelakorik gertatuko' esatea, behintzat hori bada zerbait…".