Gipuzkoako txapelketako jaialdiak hartuko ditu Astelenak bihar eta etzi
Astelena Katedralak atseden gutxi hartuko du bihartik domekara arte. Bihar, arratsaldeko 18:15ean hasiko den jaialdian, Gipuzkoako Txapelketako finalak hartuko ditu Eibarko frontoiak, jubeniletan zein helduen mailan. Aurretik, dena dela, Errendimendu mailako infantilak ikusteko aukera izango da, Gipuzkoako eskuz banakakoan bete-betean ari diren federatu gazteen arloan. Ondoren, jubenilen mailako txapela izango da jokoan, Azkoitiko Arregi-Bastida eta Oiartzungo Etxabe-Zelaiaran bikoteen artean. Eta, jaialdia amaitzeko, horraino ibilbide ezinhobea egin duen Ibarra-Agirresarobe Eibarko bikoteak herriko zaletuen aurrean txapela janzteko asmoz kantxaratuko dira Lasarteko Artetxe-Urdanpilleta bikoteari irabazteko asmoz; eibartarrak, gainera, dagoeneko 2. Mailara igo dira automatikoki.
Zapatuan bi jaialdiz gozatzeko aukera izango dugu Katedralean. 09:00etan hasiko den goizekoan Gipuzkoako paleta goma binakako txapelketako ligaxkako azken partidua ikusi ahal izango dugu. Bertan gure herriko Guinea-Ferreiro bikoteak finalerdietarako txartelaren bila jardungo du, bide batez 2. Mailara igotzeko aukera emango liokeena aprobetxatuta. Arratsaldean, bestalde, 16:00etatik aurrera Eskolarteko txapelketako jardunaldia izango da Astelenan, alebin mailako Debarroko pilota eskoletako neska-mutikoen parte-hartzearekin.