Gipuzkoako Txapelketako pilota partiduak jokatuko dira asteburuan Astelenan
Astelena frontoiak ohiko jaialdia jasoko du barixaku arratsaldean, Eskuz Binakako Gipuzkoako Txapelketako partiduekin. 18:30ean hasita, bi partidu jokatuko dira. Kadete mailan, Amillategi eta Gil Azpeitiko Ilunpe klubeko bikotearen aurka arituko dira. Joan den astean, bikote eibartarrak garaipen “oso lasaia” lortu zuen kanpoan, EIbarko Klub Deportiboko pilota batzordekoen berbetan, eta oraingoan ere irabaztea lortu nahi dute.
Ondoren, nagusien partiduan, Ibarra eta Agirresarobek Legazpiko bikotearen kontra jokatuko dute. “Etxeko seniorrak ere, joan den astean garaipena lortuta, indartsu izango dira”, diote klubetik.
Zapatuan, ostera, Gipuzkoako Paleta Goma Binakakoaren bigarren jardunaldia jokatuko da, 10:30ean. Bertan, Soria eta Ginea Donostiko Altzararra bikotearen aurka arituko dira.
Jubenilak eta seniorrak etxetik kanpo
Jubeniletako eta seniorretako bikoteek etxetik kanpo jokatuko dute datozen egunotan. Narvaizak eta Condek Lazkaon jokatuko dute bihar, eta etzi han egongo dira Segurola eta Del Rey jubenilak. Varona eta Azpilikuetak, bestalde, Usurbilen jokatuko dute barixakuan.
Gipuzkoako Goma Paleta binakakoan, Tolosako Beotibarren jokatuko du Lombraña eta Osa bikoteak barixakuan, eta Mutrikun neurtuko dira Gisasola ea Leturiaga bertako bikotearekin. Zapatu arratsaldean, Aian izango dira Amas eta Bartolome palistak.