Giro bikaina izan da gaur arratsaldean egin den Berbetan jaialdian

Jaialdiarekin ekin dio Berbetan mintzapraktika-programak ikasturteari
2024/09/24 19:13
eta kitto!

Berbetan jaialdia hartu du gaur Untzaga plazak, 17:00etatik 18:30era. Puzgarriak eta makillaje-tailerrak egon dira txikien gozamenerako. Urtero antolatzen den jai horrekin abiatuko du …eta kitto! Euskara Elkarteak Berbetan egitasmoaren ikasturte berria. Mintzapraktikako programak euskara praktikatzeko aukera eskaintzen du era ludiko eta naturalean. Horrez gain, haur txikiak dituzten familientzat Gurasoak Berbetan programa eskaintzen du …eta kitto!-k, familia-giroa eta gurasoen arteko giroa euskalduntzeko, eta etorri berrientzat, euskara ez dakitenentzat edo gure hizkuntza eta kulturara hurbildu nahi dutenentzat, berriz, Ongietorri programa antolatzen du elkarteak. Hiru egitasmoak doakoak dira eta urte osoan eman daiteke izena.