Giro ederrean ospatu dute Gaztainerre AEK euskaltegikoek

Gaztainerre ospatu dute aurten ere Eibarko AEK euskaltegikoek. Urtero bezala, herriko kaleak musikaz eta giro onez bete zituzten bart iluntzean.
2025/11/11 12:18
Silbia Hernandez Arrazola

Ikasle eta irakasleak euskaltegi parean dagoen Paloma tabernan elkartu ziren eta, handik abiatuta, kalejiran ibili ziren herriko erdialdean, Eibarko Musika Eskolako soinujoleen laguntzarekin. Tarteka, euskal kantuak abestu zituzten eta, amaitzeko, Depor tabernan afari-merienda ederra egin zuten. Batzuk, gainera, opari eta guzti itzuli ziren etxera, Errigoraren hamar produktu-lote zozketatu zituzten eta.

Hortik kanpora ere, gaztaina-saltzaileak lanpetuta ibili ziren atzoko egunez, beste egunetan baino askoz ere jende gehiago gerturatu baitzen gaztaina erreak erostera.