Giro ederrean ospatu dute Señora Eguna Goi Argi elkartean
Belaunaldi ezberdinetako andrak elkartu dira gaur arratsaldean ospatu den Señora Egunean. Gaur egin duen beroarengatik, berez txosnagunean egitekoa zen kafe-tertulia azkenean Goi Argi emakumeen elkartean egin dute, eta bertan elkartu diren emakumeek hainbat gairen inguruan berbetan aritu dira, oso gustora. Horren aurretik giro ederrean aurkitu ditugu, Eibarko kantu ezagunak abesten.
Goi Argi elkarteak aurten 75 urte bete dituela eta, San Juan jaietan omenduko den elkarteetako bat da. Mercedes Kareagak bultzatuta, 1951eko martxoaren 19an inauguratu zen elkartearen egoitza, Toribio Etxebarria kalean. Emakumearen prestakuntza helburutzat hartuta eratu zuten elkartea, eta aitzindariak izan ziren, ordura arte ez baitzegoen bakarrik emakumeek osatutako beste elkarterik.


































