'Giza Liburutegia' ekimenean parte hartzeko izen-emateak zabalik jarraitzen du

Ekimena maiatzaren 14an egingo da, 18:30ean Juan San Martin Udal Liburutegian.
'Giza Liburutegia' ekimenean parte hartzeko izen-emateak zabalik jarraitzen du
2025/05/06 17:54
eta kitto!

Juan San Martin Liburutegiak eta Immigrazio eta Kultura Aniztasuna unitateak Giza Liburutegia izeneko ekimena antolatu dute maiatzaren 14rako. Azaldu dutenez, “Giza Liburutegiak aukera ematen du estereotipatuak dauden pertsonak ‘irakurri’, haien atzean dauden historiak ezagutu eta gure gizartean oraindik ere bizirik dauden aurreiritziak hausteko. Ekimenaren bidez, oso bizimodu desberdina duten pertsonen arteko solasaldia sortzea ahalbidetzen da, batez ere, beste espazio batzuetan elkartzeko aukera ez dutenen artean. Azken finean, liburutegiak sozializazio-guneak dira”. Proiektu honetako liburuak, baina, ez dira ohiko liburuak, “beraien bizipenak partekatzen dituzten pertsonak baino. Parte-hartzaileek aukera dute ‘liburuak maileguan’ hartzeko, eta haiekin solasaldi lasaia eta irekia izateko”. Ekimena Juan San Martin Liburutegian egingo da, 18:30etik 19:30era, eta antolatzaileek aurreratu digutenez, ekitaldian hainbat herrialdetako janaria dastatzeko aukera egongo da. Parte hartzeko interesa izanez gero, izena emateko aukera dago oraindik. Informazio gehiagorako HEMEN sakatu.