Gizarteratze kanpaina eta elkartearen webgune berria aurkeztu ditu …eta kitto! Euskara Elkarteak

Gaur eguerdian aurkeztu du …eta kitto! Euskara Elkarteak urte osoa iraungo duen gizarteratze kanpaina, eta horrekin batera, elkartearen webgune berria. Ekitaldia Coliseo antzokian izan da eta bertan Eibarko erakunde, elkarte eta taldeetako ordezkari ugari elkartu dira.
Gizarteratze kanpaina eta elkartearen webgune berria aurkeztu ditu …eta kitto! Euskara Elkarteak
2024/02/20 14:27
eta kitto!

Aurkezpen ekitaldian esandakoari jarraituz, 2022. urtean, elkarteak 30 urte betetzen zituela-eta, hausnarketa sakona egin zuten elkarteko kideek, eta hor ikusi zuten elkartea eta bertatik egiten den lana ez dela nahi bezain ezaguna herrian. Hortik kanpaina hau martxan ipintzea. Maider Aranberri elkarteko idazkariak esan duenez, “herriak elkartea hobeto edo gehiago ezagutzea, zer den, zeintzuk dira bere balioak, zer egiten duen eta zertarako argi izatea lortu nahi dugu kanpaina honekin. Eta, horrekin batera, herritarrak bazkide egitea, gure balioekin, gure jardunarekin eta gure helburuekin bat egiten dutelako. Azken batean, babes soziala da guk lortu nahi duguna”.

Nabarmendu duenez, “batetik, gure komunitatea handitu nahi dugu, gure ikuspegia eta helburuak partekatzen dituztenak inplikatuz. Bestetik, nola ez, gaur egungo bazkideak leialtzea ere nahi dugu, eta aitortza egin, eskerrak eman. Eta azkenik, lankidetza sustatzea, lankidetzaren ahalmenean sinesten dugulako, herrian zein eskualdean, norbanakoekin zein kolektiboekin, elkarrekin lan eginda eraginkorragoak izango gara-eta. Esandako guzti horrek berak elkartearen ahalduntzea ekarriko duela pentsatzen dugu”.

Gizarteratze kanpainaren diseinua eta komunikazio estrategia Arrasateko AZK komunikazio agentziak landu du eta goiburu nagusia ZARELAKO GARA da. Kanpainari hasiera emateko spota gaurko ekitaldian ikusi ahal izan da estreinekoz, eta bertan eibartar ugarik hartu du parte.

 

Neurrira egindako webgune berria

Gizarteratze kanpainarekin batera, www.etakitto.eus elkartearen webgune berria ere aurkeztu dute. Ekhi Belar kazetariak azaldu duenez, “neurrira egindako webgunea garatu dugu CodeSyntax enpresa eibartarrarekin. Webgune berria dinamikoa eta interaktiboa da, Eibarko aktualitatea modu erabilgarriago eta argiago batean eskaintzeko, eta ...eta kitto! Euskara Elkartearen jarduerari lotutako informazioa uneoro zabaltzeko”.

Aldaketa nagusia azala antolatzeko eta bistaratzeko moduan dago, eta webgunea estetikoki erakargarria izaten ahalegindu direla nabarmendu dute: “Orain arte genuen webgunea txiki geratu zaigu eta beste modu baten antolatu nahi izan dugu edukia. Bertan, aktualitateari lotutako albisteak, bideoak eta argazkiak, eta elkartearen proiektuak eta zerbitzuak nabarmentzen dira. Horrekin batera, argazkiak eta ikus-entzunezkoak ikusarazteko teknologia hobetu egin da. Hori guztia kontuan hartuta, nabigazioa eta funtsezko informazioa eskuratzea erraztea bilatu dugu”.

Amaitu aurretik, eskerrak eman dizkiete Eibarko Udalari eta Debegesa eskualdeko garapen agentziari, “webgunea sortzeko egin duten inbertsioagatik, eta gure elkartea eta proiektua garatzeko eta komunitatean zabaltzeko erakutsitako konpromisoagatik”.