Gizon bat atxilotu dute 49 migratzaile esplotatu eta egoera osasungaitzean ostatu emateagatik
2024/01/16
15:20
eta kitto!
Polizia Nazionalak, Eibarko Udaltzainekin elkarlanean, gizon bat atxilotu du Eibarren 49 migratzaile egoera osasungaitzean ostatu ematea leporatuta, gero eraikuntza lanetan esplotatzeko.
Hainbat hedabidek Espainiako Barne Ministerioak emandako informazioa jasotzen dute, non azaltzen den nola atxilotuak etxebizitzaren logela ezberdinetan eta lokal komertzial batean banatzen zituen migratzaileak, hilean 250 eta 450 euro arteko alokairuak kobratuz. Gainera, informazioaren arabera, diru-kopuru baten truke herrian erroldatzen zituen eta eraikuntza enpresa batean lana eskaintzen zien neurrigabeko lan-baldintzekin. Poliziak azaldu duenez, atxilotuak hilean 5.700 euro jasotzen zituen alokairuengatik.
Atxiloketaren berri gaur jakin den arren, hau abenduaren 30ean gertatu zen eta gaur egun aske da epaiketaren zain.