Gizon bat atxilotu dute Eibarko supermerkatu batean lapurtzen saiatzeagatik
Zapatu arratsaldean 47 urteko gizon bat atxilotu zuten Eibarko erdiguneko merkataritza-establezimendu batean, hainbat produktu lapurtzeagatik. Ertzaintzak jakinarazi duenez, zerbitzuz kanpo zegoen ertzain batek establezimenduko langile bat gizon baten atzetik korrika ikusi zuen, lapurtu zuela ohartaraziz.
Agenteak kutxa-lerroa igaro ondoren geldiarazi zuen ustezko egilea, eta Ertzaintzako agentea zela identifikatu ostean, gizonak hainbat kolpe eman zizkion eta behin baino gehiagotan kosk egiten saiatu zen.
Minutu batzuk geroago, Eibarko Ertzain-etxeko patruila bat bertaratu zen. Establezimenduko hainbat produktu eramaten saiatzen ari zela egiaztatu ondoren, gizona atxilotu zuten, “indarkeriaz egindako lapurreta eta agintaritzako agentearen aurkako atentatua” leporatuta.
Sarrera debekatuta zuen establezimenduan
Atxilotua behar bezala identifikatu ostean, agenteek egiaztatu zuten establezimendu horretan sartzeko debekua zuela. Horrenbestez, segurtasun-neurri judizial hori urratzeagatik ere ikerketapean geratu da.
Ertzaintzak azaldu duenez, gizonaren aurka beste bost sarrera-debeku ere badaude Eibarko hainbat establezimendutan. Guztira, 18 atxiloketa ditu, eta Ertzaintzak 67 aldiz izan du ikerketapean.
Atxilotua polizia-dependentzietara eraman dute, eta bertan egongo da epailearen esku utzi arte.