Gizon bat atxilotu dute kokainarekin trafikatzeagatik

Kokaina-kopuru esanguratsua eta botika batzuk aurkitu dituzte usteko trafikatzailearen eskuetan
Gizon bat atxilotu dute kokainarekin trafikatzeagatik
2025/03/03 11:08
eta kitto!

Ertzaintzak 53 urteko gizon bat atxilotu zuen joan den asteazkenean kokainarekin trafikatzeagatik. Azken asteotan egindako ikerketak ahalbidetu du atxiloketa, Eibarko etxebizitza baten inguruan pertsona bat drogarekin trafikatzen ari zitekeela jakin ondoren.

Ertzaintzak jakinarazi duenez, “egoera horren berri izan ostean, zaintza-dispositiboak ezarri zituzten inguruan, eta egiaztatu ahal izan zuten pertsona ezberdinak sarri joaten zirela aipatutako etxebizitzaren ingurura, eta etxe horretan bizi den pertsonarekin kalean kontaktu laburra izaten zutela. Kontaktu horretan pertsona horrek legez kanpoko substantziak ematen zizkiela uste izan zuten”.

Gauzak horrela, joan den asteazkenean poliziak transakzio horietako baten lekuko izan ziren eta ustezko trafikatzailea geldiarazi zuten. Bere gauzen artean hauts zuri baten hainbat dosi aurkitu zituzten, ustez kokaina. Beraz, susmagarria identifikatu zuten eta, beharrezko frogaketak egin ondoren, osasun publikoaren aurkako delitua leporatuta atxilotu zuten.

Horren ostean, bere etxean sartu eta miaketa egin zuten, eta substantzia bera zuten hainbat dosi, botika batzuk, dirua eta dosiak prestatzeko materiala aurkitu zituzten. Poliziaren egoitzan beharrezko izapideak amaitu ondoren, atxilotua barixakuan jarri zuten agintari judizialaren eskuetan.