Gizonezkoen 1. Maila Nazionaleko Eibar Eskubaloiak Amenabar liderra jasoko du bihar
Sailkapeneko lehen bi sailkatuen arteko lehia biziko da bihar, azaroak 15, 19:00etan, Ipurua kiroldegian. Gizonezkoen 1. Maila Nazionalean dabiltzan Eibar Eskubaloia (2. sailkatua) eta Amenabar Zarautz (liderra) arituko dira nor baino nor, eta etxekoek kostaldekoak harrapatzeko aukera izango dute garaipena lortu gero.
Erronka, ostera, handia izango da. “Talde gipuzkoarra joan den denboraldian maila altuagoan lehiatzen ziren eskarmentu handiko jokalariekin dator”, aipatu dute Eibar Eskubaloiakoek. “Bere jokoaren erritmoak, defentsaren intentsitateak eta golak egiteko gaitasunak (328 gol alde, talde nazional guztien erregistrorik onena) aurkari beldurgarri bihurtzen ditu”.
Eibar oso sasoi onean heltzen da liderraren aurkako partidura, hainbat garaipen jarraian lortuta. “Taldeak badaki oso partidu serioa jokatu behar duela, baloi-galerak minimizatuz eta kontraeraso azkarrak geldiarazteko defentsa trinkoari eutsiz”, diote eibartarrek. “Helburua argi dago: garaipen bat lortzea, armaginek sailkapenaren gorenean berdintzeko eta denboraldiko hautagai handienetako bat izateko”.
Neskak Etxebarrira
Emakumezkoen Zilarrezko Mailan jokatzen duen Eibar Eskubaloiak, bere aldetik, Kukullaga Etxebarri taldeari egingo dio bisita bihar, 20:00etan. Bizkaitarrak sailkapenaren beheko postuetan daude, baina gogor lehiatzen den taldea ohartzen dute eibartarrek. “5:1 eta 6:0 defentsak tartekatzen dituzte, oldarkortasun handiarekin, eta trantsizioetan duten abiaduragatik eta posizio-erasoan duten bertikaltasunagatik nabarmentzen dira”, gehitzen dute.
Azken jardunaldian emaitza garaipena lortu ondoren, Eibar Eskubaloia “moral handiarekin” heltzen da partidura, “dinamika onari eusteko eta mailari eusteko helburura hurbiltzen dituzten puntuak batzen jarraitzeko prest”.
Hirugarren postuan dago Eibar Eskubaloia, 12 punturekin, Ermuko Errotabarri liderrarengandik bi puntura.