Gizonezkoen EIbar KE-ren lehen taldeak asterako lan-plana prestatu du domekako partidurako

Gizonezkoen EIbar KE-ren lehen taldeak asterako lan-plana prestatu du domekako partidurako
2023/09/12 11:26
eta kitto!
Atzo Atxabalpen egindako entrenamenduarekin hasi zuen Joseba Etxeberriak zuzentzen duen lan-taldeak domekan Ipuruan, Ferrolgo Racing aurkari duela, arratsaldeko 16:15ean hasita jokatuko den partidurako prestaketa. Taldeak beharrezkoa du orain arteko ibilbideari buelta ematea, aspaldidanik ez delako izan orain dagoen egoeran, sailkapeneko azken postuan. Galiziako taldean Eibar KE-tik pasatutako hiru jokalari daude: Cantero atezaina, Cubero eskumako hegaleko atzelaria eta Vadillo ezkerreko hegaleko aurrelaria. Talde igo berriak Eibar KE-ren egoeraren guztiz kontrakoa bizi du, oraindik ez baitu partidurik galdu eta, kanpoan jokatutako hiru partidutik, bat irabazi eta beste biak berdindu dituelako.

Eibar KE-ren entrenamenduetako lan-planean, gaurko atsedenaldiaren ondoren, honako jardunaldiak aurreikusten dira: bihar Atxabalpen, 10:30ean hasita; etzi Ipuruan, ordu berean hasita; etzidamu Atxabalpen berriro, eta ordu berean; eta zapatuan Atxabalpen, 17:00etatik aurrera. Egueneko Ipuruako saioa eta zapatukoa ateak itxita egingo dira.