'Global Sumud' flotillaren aldeko kontzentrazioa egingo da barixakuan Untzagan
Eibar Palestinarekin herri ekimenak antolatuta, barixakuan (maiatzak 15) 'Global Sumud' flotillari babesa adierazteko kontzentrazioa egingo da, 19:30ean Untzaga plazan.
Adalah giza eskubideen aldeko zentroak jakinarazi duenez, Israelgo agintariek "askatu eta deportatu" egin dituzte Saif Abukeshek ekintzaile espainiar-palestinarra eta Thiago Avila brasildarra, Israelen atxilotuta "sei egun gogor" igaro eta gero. Abukeshek Bartzelonan da jada, eta Avila astelehenean ailegatuko da Brasilera. Adalah erakundetik adierazi dutenez, "orain aske badaude ere, prozesu osoa salatu nahi dugu, nazioarteko zuzenbidearen urraketa nabarmena izan delako, nazioarteko uretan bahitu zituztenetik erabat isolatuta legez kanpo atxilotu zituztelako, eta tratu txarrak jaso dituztelako".
Askatu berri dituzten aktibistek, bestetik, munduari "presioa egiten jarrai dezala" eskatu dute, "gure lagun tunisiarrak eta Israelgo kartzeletan legez kanpo atxikita dauden ia 10.000 preso politiko eta bahitu palestinarrak askatzeko". Horrekin batera, azalpenak eskatu dizkiote Europar Batasunari, "eta bereziki Greziari, egunetako isiltasunaren eta konplizitatearen ondoren; halaber, berehala ezar dakizkiola zigorrak Israeli, legez kanpoko bahiketa honengatik eta Palestinako herriaren nazioarteko zuzenbidearen eta giza eskubideen aurkako etengabeko urraketengatik".
