Goi mailako bederatzi argazki erakusketa zabalduko dituzte Deportiboko argazkilariek maiatzean

Goi mailako bederatzi argazki erakusketa zabalduko dituzte Deportiboko argazkilariek maiatzean
2021/04/20 19:09
eta kitto!
Gaur aurkeztu dute Argazkilaritza Maiatzean 2021 Klub Deportiboko Argazkilaritza Taldekoek, Portalean egindako prentsaurrekoan. Bakarne Elejalde eta Jose Luis Irigoien Argazki Taldeko ordezkariekin batera, Patxi Lejardi Kultura zinegotziak eta Iñaki Osoro Deportiboko presidenteak hartu dute parte ekitaldian eta, esan dutenez, “pandemiak derrigortuta iaz bertan behera laga behar izan genuen Argazkilaritza Maiatzean, baina aurten, oztopoak oztopo eta pandemiaren gainetik, aurrera egin beharra zegoela erabaki genuen eta horrela antolatu dugu edizio honetarako egitaraua.

Aurreko edizioetan bezala, egitarauaren barruan garrantzi berezia izango dute erakusketek. Herrian dauden erakusketa areto guztiak erabiliko dituzte maiatzean, toki ezberdinetako argazkilarien lanak ezagutzera eman eta erakusteko. Bederatzi erakusketa prestatu dituzte guztira, “oso estilo ezberdinetako lanekin eta, kasu guztietan, goi mailako kalitatea duten argazkiak ikusi ahal izango dira”. Portalean, maiatzaren 7tik 30era, Sasha Asensio, Javier Ortiz, Jose Agustin Gurrutxaga eta Mari Jose Cueli argazkilarien lanak egongo dira ikusgai (martitzenetik domekara, 18:30etik 20:30era). Topalekuan, maiatzaren 7tik 30era, Javier P. Fdez Ferrerasenak (astelehenetik domekara, 19:00etatik 21:00etara). Maiatzaren 3tik 30era, El Ambigú tabernan, Eibarko Klub Deportiboko argazkilarien lanak erakutsiko dituzte (astelehenetik domekara, 10:00etatik 14:30era eta 18:00etatik 21:00etara) eta Portalea tabernan ere Deporreko argazkilarien erakusketa zabalduko dute (astelehenetik zapatura, 10:00etatik 21:00etara). Horrez gain, maiatzaren 3tik 30era, Klub Deportiboan, Jose Luis Tejedorren argazkiak ipiniko dituzte ikusgai (martitzenetik zapatura, 17:30etik 21:00etara). Eta Untzagako Jubilatu Etxean XLVII. Nazioarteko Gipuzkoa Saria erakusketa zabalduko dute, maiatzaren 7tik 30era (astelehenetik domekara, 20:00etatik 21:00etara).

Erakusketekin batera, maiatzaren 15erako konposizio-tailerra antolatu dute Fran Nietorekin eta, “pandemiaren arabera, posible bada bai behintzat”, topaketak kalean (maiatzaren 22an) eta argazki rallya (30ean) ere egin nahi dituzte.

Agurtu aurretik, Deporreko argazkilariek euren esker ona azaldu diote Udalari eta Klub Deportiboari, “beraiek ematen diguten babesik gabe ezinezkoa litzakeelako horrelako zerbait antolatzea” eta, horrekin batera, erakusketa guztietarako kartelen diseinua urtero musutruk egiten duen Aitor Divassoni ere modu berezian eskerrak eman nahi izan dizkiote. Eibartarrei, berriz, “oso toki gutxitan” antolatzen duten egitarauaz gozatzeko eta erakusketak ikustera joateko gonbidapena egin diete.

EGITARAUAREN PDF-A JAISTEKO SAKATU HEMEN