Goiza koko-eskean eman eta gero, arratsaldean herriko kaleetan kalejira egingo dute koko-marru eta dantzariek

Zazpirak aldera abiatuko dira Eibarko Klub Deportiboaren paretik.
2026/02/07 11:23
Silbia Hernandez Arrazola

Goizean, 09:00etan egin dute lehen agerraldia koko-marru eta koko-dantzariek Errebalen eta, urtero bezala, lehen kantu eta dantzak merkatu plazako baserritarrei eskaini dizkiete. Horrela, Kezka Dantza Taldeak antolatzen dituen koko-dantzekin hasi dira Aratosteak Eibarren. Bazkaltzeko ordua ailegatu bitartean, koko-eskean ibiliko dira, Mandiola eta Otaola-Kiñarra auzoetan, eta arratsaldean Eibarko kaleetan kalejira egingo dute. Arratsaldeko 18:45ean Eibarko Klub Deportiboaren parean elkartuko dira, bertatik abiatzeko. Iluntzera arte herriko kaleetan eskainiko dituzte koko-mokoen dantzak eta abestiak, Mauxitxa Txarangaren laguntzarekin. Erdi-guneko kaleetan ibili ondoren, Deportiboan bertan amaituko dira koko-dantzak, 21:00ak aldera. 

Eibarko koko-dantzak 2026-02-07

  • 09:00 Errebalen, baserritarren postuetan.
  • 10:00-14:00 Otaola eta Mandiolako baserrietan. Ipurua, Otaolaerdikoa, Sosola, Sosolabarri, Aritxuluetabarri, Arrajola.
  • 18:45 Toribio Etxebarrian, Deportibo aurrean koko-mokoen elkartzea, koko-dantzak eta kantuak, Mauxitxa txarangak lagunduta eta kalejira hasiera. Ibilbidea: Toribio Etxebarria, Zuloagatarren, Fermin Calbeton, Untzaga, Toribio Etxebarria.
  • 21:00 Deportibo aurrean azken koko-dantzak eta kantuak.