Goizeko 09:00etan zabalduko dituzte hauteslekuak
Bihar Eibarko alkatea nor izango den aukeratuko dugu. Lau urte pasa dira azken Udal Hauteskundeetatik eta iluntzean jakingo dugu Jon Iraolak alkate jarraituko duen ala beste hautagaiak nagusituko diren. Izan ere, 20:00etan amaituko da goizeko 09:00etan hasiko den bozketa eta, ondoren, kontaketa egingo da. Eibarren 20.553 lagunek izango dute bozkatzeko aukera (batzuek eman dute botoa dagoeneko posta bitartez) eta etxean jaso duten errolda-txartelean bozka non egin beharko duten adierazi zaie. Oraingo honetan adi ibili txartelean jartzen duenarekin, aurreko urteetakoarekin alderatuz aldaketak egon baitira herriko zenbait hauteslekutan. Alde batetik, betidanik San Andres eskolan (bai areto nagusian bai jangelan) zein Coliseo Antzokian jarri izan diren hauteskundemahaiak Errebal Eraikinera (A eta B lokaletara) lekualdatuko dira, eta sarbidea Merkatu kaletik eta Muzategi kaletik egingo da. Bestalde, Amañako lokal parrokialetako eta Ego-Gaineko egoitzako hauteskunde-mahaiak Torrekuako anbulatorio zaharraren eraikinera lekualdatuko dira, Torrekua kaleko 1 zenbakian kokatuta dagoenera. Gauzak horrela, hauek dira herrian egongo diren hauteslekuak: Udaletxea, Arrateko Andra Mari ikastetxea, Torrekua, Amañako Dorreak, Errebal Plazia, E.P.A. eta Urkizu ikastetxea.