Golden Blend eta Letagin taldeen kontzertua hartuko du ZaiZoi tabernak zapatuan

Arratsaldeko 19:00etan hasiko da Andoitz Fest izeneko jaialdia.
Golden Blend eta Letagin taldeen kontzertua hartuko du ZaiZoi tabernak zapatuan
2025/01/08 15:43
eta kitto!

Andoitz Fest izenarekin, rock kontzertu bikoitza antolatu dute ZaiZoi tabernan zapaturako. Arratsaldeko 19:00etatik aurrera Golden Blend eta Letagin taldeak arituko dira zuzenean, eta sarrera doan izango da.
Antxon Arregi, Alatz Etxebarriarteun, Julen Garmendia eta Xabier Iñurrieta, hiru bergararrek eta antzuolar batek osatutako taldea da Golden Blend. Bonben Zaldunak izeneko diskoa euskarazko eta ingelesezko hamaika abestik osatzen dute, eta horietako batetik dator diskoaren izena. Apokalipsiaren lau zaldunak (izurria, gerra, gosea eta heriotza) izan dituzte gogoan diskoa egiterakoan. Red Hot Chilli Peppers, Nirvana, The Offspring edota Smashing Pumpkins bezalako taldeen eragina nabari da talde honen musikan.
Eta Letagin 2018. urtean Oñatin sortutako rock musika taldea da. Julen Agirre, Mikel Aginagalde, Unai Lete eta Iban Idigoras, aurretik talde ezberdinetan ibiltako lau gaztek osatzen dute, eta 2020an atera zuten lehen diskoa, taldeari izena ematen diona. 2022an Danbaka musika lehiaketako Danbaka Ekinez saria irabazi zuten eta, horri esker, Bergara Ekinez jaialdian parte hartu zuten 2023ko ekainean. Urte horretako urrian disko berria, Zurrunbiloan izenekoa grabatzen hasi ziren, eta Barne sua bideoklipa atera zuten, aurrekari gisa.