'Gozatu udan irakurtzen eta jolasean' gida argitaratu dute Udal Liburutegiak eta Euskara Zerbitzuak

Gidak idako oporretan familian euskaraz gozatzeko liburu sortaz gain, hainbat jolas biltzen ditu.
'Gozatu udan irakurtzen eta jolasean' gida argitaratu dute Udal Liburutegiak eta Euskara Zerbitzuak
2026/06/16 11:51
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Udako oporretan familian euskaraz gozatzeko gida argitaratu dute Juan San Martin Udal Liburutegiak eta Euskara Zerbitzuak elkarlanean. Azaldu dutenez, ‘Gozatu udan irakurtzen eta jolasean’ izeneko argitalpena adin-tarte zabal bati zuzenduta dago, eta liburu gomendioak nahiz euskal jolas tradizionalak biltzen ditu, aisialdia irakurketarekin eta euskararen erabilerarekin uztartzeko helburuarekin.

Udalaren arabera, udako oporrak aukera egokia dira familian irakurzaletasuna sustatzeko eta haur zein gazteen euskararen erabilera indartzeko. Horregatik, 0 eta 4 urte bitarteko haurrentzako irakurgaiekin hasi eta 12 urtetik gorako gazteei zuzendutako proposamenetaraino doan aukeraketa prestatu dute.

Liburu gomendioez gain, gidak familian edo lagunartean egiteko euskal jolas tradizionalak ere jasotzen ditu. Besteak beste, abesti-jolasak, hatz-jolasak, sokasaltoa, aire zabaleko talde-jolasak eta intxaurrekin egiteko jolasak proposatzen ditu. Horrez gain, euskarazko baliabide digitalak eta online jolasak ere biltzen ditu.

Gidako liburuen aleak liburutegiko katalogoan eskuragarri dauden egiaztatzeko, argitalpenean agertzen diren azaletan klik egin daiteke.

Gidaren egileek familiak argitalpena deskargatzera eta oporrak «istorioz, jolasez eta euskaraz» betetzera gonbidatu dituzte.