Greba deialdiari babesa emateko manifestazioa egingo da Eibarren hilaren 25ean
Datorren asterako, irailak 26rako deituta dagoen greba orokorraren harira, agerraldia egin dute gaur eguerdian (eguaztena, hilak 19) Eibar Bilduko ordezkariek, eurek grebarekiko duten jarrera azaltzeko asmoz. Agerraldian irakurri dutenari jarraituta, "Debabarrenean ere egoera ekonomikoa oso larria da. 3.700 langabetu baino gehiago daude, horietako 2.000tik gora Eibarren. Langabezia tasa ia %16koa da, Euskal Herriko altuenetakoa eta datuak gero eta okerragoak dira". Egoera horren aurrean "desadostasuna agertu" eta "erantzun sendoa emateko asmoz", herritar guztiei dei egin nahi diete irailaren 25ean Untzaga plazan 19.00etan grebari babesa emateko egingo den manifestazioan parte har dezaten. Deialdiari babesa eman dioten erakundeak Alternatiba, Aralar, Eusko Alkartasuna, Ezker Abertzalea, LAB eta EHNE izan dira.