Gros Xake Taldeak irabazi zuen 37. Jose Mari Kruzeta xake txapelketa

Gros Xake Taldeak irabazi zuen 37. Jose Mari Kruzeta xake txapelketa
2023/07/04 11:37
eta kitto!
Hemeretzi taldek hartu zuten parte aurreko asteburuan Untzaga plazan jokatu zen 37. Eibarko Hiria xake txapelketan, tartean Eibarko hiru izan zirela. Jose Mari Kruzetaren omenez urtero Sanjuanetako jaien bueltan jokatzen den partida azkarren torneo horretan Donostia, Errenteria, Gasteiz, Iruñea, Zornotza edo Barakaldoko taldeak izan ziren, besteak beste. Bost ordutik gora iraun zuen txapelketan lau jokalariz osatutako talde bakoitzak 18 partida jokatu zituen eta, azkenean, Donostiako Gros Xake Taldea nagusitu zen, Errenteriako Fomento Cultural eta Iruñeako Oberenaren aurretik: lehenegoak 66 puntu bildu zituen, bigarrenak 62 eta erdi, eta hirugarrenak 55,5.

Eibarko Klub Deportiboko xake batzordeak hiru talde aurkeztu zituen, eta horiek 14., 15. eta 17. postuetan amaitu zuten. CD Eibar B taldea izan zen hiruretatik onena (21 puntu eta erdirekin), A taldearen (21 puntu) eta C taldearen (16 puntu) aurretik. Azpimarartzekoa izan zen, baita ere, edizio honetan parte hartu zuten emakumezkoen kopurua: “Xake txapelketetan gizonezkoen parte-hartzea ia erabatekoa izaten da, baina oraingoan taldeen erdietan emakumezko jokalariak izan dira eta, hori gutxi balitz, Azkoitiko Anaitasuna Elkarteak emakumez bakarrik osatutako taldea aurkeztu zuen”.

Mahai bakoitzeko jokalari onenaren sariak, azkenik, honela banatu ziren: 1. mahaiakoa Gros Xake Taldeko Santiago Gonzalez nazioarteko maisuarentzat, 2. mahaikoa Fomento Culturaleko Jose Ramon Ros FIDE maisuarentzat, 3. mahaikoa Groseko Aritz Abaliarentzat, eta 4. mahaikoa Fomentoko Mikel Alvaradorentzat.