Guinness errekorraren jabe garela ziurtatzen duen agiri ofiziala udaletxeko patioan ipini du alkateak
2017/11/16
08:49
eta kitto!
Ekainaren 22an Eibarren AKEBAI plataformak antolatutako ekimenean, 2.500 eibartarron artean irudi erraldoia osatu genuen Untzaga plazan Largest transforming human image errekorra gainditzeko asmoz eta denon artean lortu genuen. Oporretatik bueltan, irailean jakin genuen Guinness World Recordsek ere, eskatzen zituen ebidentziak (argazkiak, filmazioak, lekukoen deklarazioak, kronometratzaileen deklarazioak…) aztertu eta gero, gure Largest transforming human image errekor saiakera ontzat eman zuela eta ofizialiki Eibar Guinness errekor horren jabe zela. Hala ere, hori ziurtatzen duen agiria noiz bidaliko ziguten zain egon gara eta azkenean ailegatu da! Gaur bertan Miguel de los Toyos alkateak udaletxeko patioan denok ikusteko moduan ipini du, Joxe Mari Ulazia, Malen Illarramendi, Idoia Argoitia eta Ekhi Belar AKEBAI-ko kideen laguntzarekin. Zorionak hori lortzen lagundu zenuten eibartar guztioi eta eskerrik asko!