Guinness World Records erakundeak ontzat eman du eibartarron errekorra

Guinness World Records erakundeak ontzat eman du eibartarron errekorra
2017/09/11 15:27
eta kitto!
Eibarren AKEBAI plataformaren ekimenez ekainaren 22an Untzagan osatutako irudi erraldoiak Guinness errekorra lortu du ofizialki, Guinness World Records-ek eskatutako froga edo ebidentziak (argazkiak, filmazioak, lekukoen deklarazioak, kronometratzaileen deklarazioak…) aztertu ondoren, eibartarron Largest transforming human image errekor saiakera ontzat eman du eta.

Aipatutako kategorian errekorra gainditzeko asmoz, AKEBAI plataformak antolatutako ekimenean 2.500 lagunek osatu zuten Untzaga plazan irudi erraldoia. Orduan errekor hori Dubaik zuen, 2.223 lagunekin. Errekorrari buruzko jakinarazpen ofiziala jaso barik ere, antolatzaileak pozarren azaldu ziren herritarren erantzuna zela-eta: “Saiakera horretarako 2.500 lagunek baino gehiagok eman zuten izena, eta 90 elkarte inguruk adierazi zuten atxikimendua ekimenarekin. Egun horretako prestaketan 100 bat lagun aritu ziren lanean fin, dena ondo irten zedin (lurrean irudia marrazten, materiala prestatzen eta banatzen, parte hartzaileei instrukzioak ematen, plazaren inguruko lau sarbideak zaintzen, sarrerak antolatzen, txipak kontrolatzen, jendea leku egokian kokatzen, jarraibideak ematen, kronometratzen…), baina dena gogoz eta irrifartsu. 2.500 parte-hartzaileek, berriz, ondo baino hobeto bete zuten esandakoa. Ikusleak, aurkezleak, kazetariak, argazkilariak… denak primeran!”.

Guinness World Records-en erantzuna jaso eta, berehala, “egun horretan bizi izandako uneak gogoratzeko eta emozio hori berriz sentitzeko” bideo eta argazki emanaldia antolatu dute. Barixakuan (hilak 15) izango da Untzaga plazan, iluntzeko 20:30ean.

https://youtu.be/dhlUpRqYIsk