Gure Balioak saria Carmelo Urdangarinek jaso du
Gaur arratsaldean Deban banatu duten Gure Balioak sariaren laugarren edizioan Carmelo Urdangarin Altuna debarrak jaso du errekonozimendua, "enpresa, kultura zein gizarte esparruetan gaztetatik erakutsi duen lankidetzarako gaitasuna" nabarmenduta. Saria emateko ekitaldia gaur arratsaldean izan da eta bertan parte hartu dute, besteak beste, Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikarako Sailburuak eta Ricardo Barkala Enplegu eta Lan Sailburuordeak. Epaimahaiak azpimarratu duenez, "Urdangarin beti agertu da elkarlanerako prest, beti itzalean, baina parte hartu duen ekimen guztietan bere partehartzea erabakigarria izan da". Saria ematearekin batera, ekitaldian Gure Balioak proiektua Debegesarekin batera gidatzen duen Herritarren Foroko kideek iaz hil zen Txema Cornago eibartarra izan dute gogoan.