Gure Balioak Saria urriaren 23an banatuko dute
Gure eskualdean gizarte balioen arloan nabarmendu den pertsona edo entitatea aitortzea eta saritzea helburu duen Gure Balioak Saria datorren asteko eguaztenean (urriaren 23an) banatuko dute Deban, Agirre Jauregiko Ispiluen Gelan, 18.30etik aurrera. Debegesak sustatutako sariak laugarren edizioa beteko du aurten eta oraingoan Debako Udalaren eta DanobatGroup-en laguntza izan du. Epaimahaiak dagoeneko erabaki du saria nori eman, baina saridunaren izena ekitaldian bertan emango dute ezagutzera. Antolatzaileek azaldu dutenez, ekitaldi irekia izango da eta, beraz, interesa duten herritarrek bertan parte hartzeko aukera izango dute. Horretarako, baina, ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea, 943 820 110 telefonora deituta (Silvia Gil) edo balioak@debegesa.com helbidera idatzita.
Ekitaldian bestalde, iaz hil zen Txema Cornago eibartarrari omenaldia egingo zaio. Cornago Eibarko Antzerki Jardunaldien antolatzailea zen eta, horrez gain, Gure Balioak ekimeneko kidea ere bazen. Bestalde, Jon Leonardo Aurtenetxe Deustuko Unibertsitateko Soziologia katedradunak hitzaldia eskainiko du, Balioak: Krisiari aurre egiteko baliabideak izenburupean. Teresa Albero sopranoaren kantaldiarekin amaituko da ekitaldia. Egitarau osoa jarraian daukazue:
Gure Balioak Saria 2013
18.30.- Aurkezpena.
18.35.- Txema Cornagori omenaldia.
18.45.- Hitzaldia: “Balioak: Krisiari aurre egiteko baliabideak”, Jon Leonardo Aurtenetxe Deustuko Unibertsitateko Soziologia katedradunaren eskutik.
19.15.- Gure Balioak Saria banatzea.
19.30.- "Musika Tantak", Teresa Albero sopranoarekin. Luntxa.