Gure Balioak Sarirako hautagaiak proposatzeko epea zabaldu du Debegesak

Gure Balioak Sarirako hautagaiak proposatzeko epea zabaldu du Debegesak
2017/06/21 13:01
eta kitto!
Debegesa garapen agentziak antolatzen duen Gure Balioak Sariak Debabarreneko eskualdean pertsona edo entitate batek bere ibilbidean zehar sustatu dituen giza balioei aitortza egitea du xede. Hautagaiak aurkezteko epea uztailaren 16an amaituko da. Sari honek indartu eta sustatu nahi dituen oinarrizko balioak integritatea, errespetua, ekintzailetza eta lankidetza-elkarlana dira.

Sariduna hautatzeko proposamenak bidaltzeko epea uztailaren 16an amaituko da. Debabarreneko herritar orok izango du aukera nahi duen hautagaia proposatzeko, baita erakundeek, enpresek eta gizataldeek ere. Proposamenak egiterako orduan, hautagaiek zenbait baldintza behar dituzte: Debabarrenean jaioak izan behar dute edota euren lan ibilbidea eskualdean garatu izana eskatuko zaie; eskualdearekin lotura izan behar dute; eta, balioetan oinarritutako ibilbidea edo jarduera erakutsi behar dute.

Sariaren gaineko xehetasun guztiak, oinarriak eta hautagaia aurkezteko bete beharreko orria debegesa.eus webgunean dago eskuragarri.

Jasotako proposamen guztiak epaimahaiak aztertuko ditu, unibertsitate, enpresa, kultura eta gizarte arloetan diharduten 9 lagunek osatua. Gure Balioak Sariaren banaketa ekitaldia Mendaron egingo da, urrian.

Saridunak Juan Luis Baroja Collet artistaren eskultura bat jasoko du, sari honetarako bereziki diseinatua.

(Argazkian, iazko irabazlea, Nerea del Campo Agirre, Soraluzeko alkate Iker Aldazabalekin)