Gure Esku Dago ekimeneko 150 ordezkarik ekainaren 10ean Bilbora joateko deia egin dute gaur Eibarren

Gure Esku Dago ekimeneko 150 ordezkarik ekainaren 10ean Bilbora joateko deia egin dute gaur Eibarren
2017/06/03 15:32
eta kitto!
Gure Esku Dagok sustatuta galdeketak egin dituzten 142 herrietako ordezkariak Eibarren, Txaltxa Zelaian batu dira gaur goizean, agerraldi bateratua egin eta jendeari ekainaren 10ean Bilbora joateko deia egiteko.
150 lagun inguru bildu dira ekitaldian eta, Jone Landak eta Andoni Garaik irakurri duten agiriari jarraituta, "baldintzak sortu egin ditugu, eta Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako eremu oso anitzetara iritsi gara. Horregatik, gainerako herriak ere animatzen ditugu pausoa ematera, herritarrak ahaldunduz kultura politiko berri honen oinarria lantzen jarraitu dezagun eremu berrietan". Horrela gonbidatu dituzte herritar guztiak ekainaren 10ean Bilbon egingo den ekitaldira.

IMG_0845
Gure Esku Dago-ren ekimenez ekainaren 10ean, 17:30ean Bilbon, Euskadi plazatik abiatuta Eliptika Plazaraino, inoizko galdera ikurrik handiena osatuko da. Ekitaldian Herritarron Ituna, euskal komunitate osoari zuzendutako itun demokratikoa aurkeztuko dute. Parte hartzeko “konpromiso txartela” eta puxika eskuratu daitezke, 2 euroren truke, gastuak finantziatzeko. Eibartik ekitaldira joateko autobusak antolatzen dihardute. Ego Gainetik 16:00etan irtengo dira eta izena emateko Beleko, Buenos Aires, Guridi, Depor, Manuel eta Azkena tabernetara joan daiteke.