Gure Esku Dago – Gazteak: “Erronka handia da, baina 1.000 gazte batzea nahi dugu ekainaren 10ean”

Gure Esku Dago – Gazteak: “Erronka handia da, baina 1.000 gazte batzea nahi dugu ekainaren 10ean”
2018/05/18 12:12
eta kitto!
Donostia, Bilbo eta Gasteiz batuko ditu Gure Esku Dago mugimenduaren inguruan ekainaren 10ean egingo den giza-kateak. Erabakitzeko eskubidearen alde eskuak batuko dituzte Euskal Herriko milaka herritarrek eta eibartarrak ere batuko dira egitasmo honetara. Gurean, gainera, gazteek protagonismo berezia izango dute. Izan ere, 71. kilometroa eurena izango da, Gazte Kilometroa.

 

- Nolako ekintzak egingo dira Gure Esku Dagoren giza-katearen inguruan?

Gazteen kilometroa Urkizu aldean egongo da (Azitaingo gasolindegitik Urkizuko parkera), beraz, 11:00etan Urkizun batuko gara. Gero, elektrotxarangaren laguntzarekin giza-katean tokia hartuko dugu eta 12:00etan giza-katea egingo da. Ekintza amaitzerakoan, 12:30ak inguruan, Urkizutik Untzagara joango gara kalejiran elektrotxarangarekin. Untzagan erromeria egongo da Parrapas taldearekin eta herri-bazkaria egingo da gero. Bazkalostean kontzertuak egongo dira La Basu eta Kobanen eskutik. 2014an egindako giza-katea herririk herri pasatu zen, baina ez hainbeste hiriburuetatik. Aurten, ostera, Donostia, Bilbo eta Gasteiz batuko ditu giza-kateak eta hiriburuetan antolatu dira ekintzak. Beraz, Eibar ekintza horien agendan sartzen saiatu gara. Euren herrietatik giza-katea pasatzen ez den herrietako lagun batzuk gurera etorriko dira eta jende guzti hori bazkari herrikoira (eta beste ekintzetara) etortzea espero da.

-Non egingo da bazkaria?

Untzagan jarriko den karpan egingo da eta 400-500 lagun batuko gara, beraz, baliteke batzuk kanpoan geratzea.

-Non erosi daitezke bazkarira joateko tiketak?

Atzo jarri genituen salgai tiketak 15 euro (langileentzat) eta 10 eurotan (langabetu eta ikasleentzat). 71. kilometro honetan izena emateko postuak jarriko ditugu eguenetan pintxopotean (maiatzaren 24 eta 31an, eta ekainaren 7an) eta barixakuetan Guridi taberna inguruan (gaur bertan, maiatzaren 25ean, eta ekainaren 1ean eta 8an), eta bertan erosi ahal izango dira bazkarirako tiketak. Gure Esku Dagoren webgunean ere apuntatu daiteke, baina eurek ematen dizute kilometroa. Eibarko Gure Esku Dagok eguenetan Deporren (19:00-20:30), zapatuetan Untzagan (10:00-15:00) eta barixakuetan auzoetan (Ipurua, Amaña eta Urkizun 19:00etatik 20:30era) izena emateko aukera ematen du baita ere, eta 71. kilometroa aukeratzeko beta dago.

-Mila gazte biltzea da helburua. Erronka handia!

Erronka handia da, joan den zapatuko bileran jende dezente batu zen eta herriko gazte kuadriletako jendearekin harremanetan gaude bakoitzak bere lagunak animatzeko. Gainera, sare sozialetan jendea erakartzeko lana egingo dugu orain. Azken aldian Eibarko gazteria nahiko aktibo dabil eta agerian jarri da Martxoaren 8ko manifestazioan, Kataluniari elkartasuna erakusteko egin diren kontzentrazioetan eta abar. Beraz, horrelako egun batean jende gaztea mugituko dela uste dugu.

-Mila arrazoi daude giza-katean parte hartzeko?

Erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendua da Gure Esku Dago eta pisu handia duen arrazoia da.

 

izena emateko ordutegiak