Gure Esku Dago herri ekimenak otsailerako jarduerak antolatu ditu
Gure Esku Dago izenekoa, erabakitzeko eskubidearen alde, beste herrietako adibideari jarraituta Eibarren sortu den herri ekimena da. Taldeak deliberatzeko eskubidearen alde dihardu eta aldarri horren inguruan herritarren atxikimendu bila dabiltza. Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko, ekainaren 8an giza katea osatuta Durango eta Iruñea lotu nahi dituzte eta, hori lortzeko, herritarrei dei egin nahi diete, "giza kate horretako kate-begia" izateko. Katean parte hartu nahi duenak aukera bi ditu: Eibarko lantaldearekin kontaktuan ipini (astelehenero, 19.00etatik 20.00etara Kulturalean batzen dira) eta egun horretan non ipini beharko den esango diote edo, bestela, interneten gureeskudago.net webgunean sartuta, norberaren datuak eman eta, eskualdea kontuan hartuta, automatikoki ibilbideko toki batzuk proposatuko zaizkio, bat aukeratzeko.
Bien bitartean, datozen egunetarako hainbat jarduera prestatu dituzte: bihar (zapatua) 13.00etan talde argazkia egingo da Untzagan, 50 bat eibartar ezagunekin. Otsailaren 12an, 19.00etan Gazta zati bat dokumentalaren emanaldia egingo da Portalean, Dani Oiarbideren eskutik. Hilaren 19an, 19.00etan ekimenaren inguruko hitzaldia egingo da Portalean eta 22an, 13.00etan, ahalik eta jende gehien Untzagan batu eta, esku erraldoiak osatuta, eibartarren nahia irudikatuko da.