Gure Esku Dago-k antolatu duen herri-galdeketan parte hartzeko hautesontziak zabalik daude

Gure Esku Dago-k antolatu duen herri-galdeketan parte hartzeko hautesontziak zabalik daude
2017/05/07 10:46
eta kitto!
Goizeko 09:00ak geroztik "Euskal errepublika bateko herritarra izan nahi duzu?" galderari bozka bidez erantzuteko aukera daukagu Eibarren,  Gure Esku Dago dinamikaren ekimenez martxan dagoen herri-galdeketan parte hartuta. Herritarren botoak jasotzeko mahaiak honako tokiotan daude zabalik: Arragueta, 20an; Zuloagatarren, 3an (Arrate Kultur Elkartean, Topalekuan); Romualdo Galdos, 6an; Tiburtzio Anitua, 5ean; eta Untzaga Plazan. Iluntzeko 20:00etan itxiko dituzte bozkalekuak eta emaitzak gaur gauean bertan emango dira ezagutzera. Bien bitartean, egunean zehar gertatzen denari jarraipen zuzena egingo dio ...eta kitto! astekariak, internet bidez horren berri zuei emateko.

IMG_9404m7galdeketa12 m7galdeketa18

Botoa emateko hautesontziak zabaldu eta berehala, 09:00ak aldera Eibarko Gure Esku Dago taldeak agerraldia egin du goizean, Untzagan, herri-galdeketa egunean jendea parte hartzera animatzeko asmoz:

https://youtu.be/dSF3vw8cpvM

Jarraian, goizeko agerraldian irakurri den testua:

Heldu da ordua. 138 hautetsontzi zabaldu ditugu Euskal Herrian, 6 Eibarren. Hilabeteetako lanaren ondoren, gure herritarren borondateari bide ematera goaz. 248.000 lagunek aukera izango dute gaur herri honen etorkizunaren inguruan hitza hartzeko.

“Aurrean biderik ez da, norberak egina ez bada”. Hala dio Anarik bere abesti batean. Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik betetzera pasa gara, herriz herri eta pausoz pauso milaka herritarrok egin dogun lanari esker. Herritarrok ahaldunduz bide itxaropentsu bati hasiera emoten ari gara; sinesten dogulako etorkizun hobe bat posible dala, eta danon artian eraiki bihar dogula. Eta, jakiña, aurrerantzian be biharrian jarraituko dogu, herri honek bere etorkizuna erabaki dezan. Eziña ekiñez egiten dalako.

Hilabeteotan borondateak ehundu ditugu, adostasunetan sakondu, konplizitateak gehitu… Traba guztiak gainditu ondoren, lortu dogu hautetsontziak plazara ataratzia, zilegitasun, legaltasun eta berme guztiekin, eta normaltasun osoz. Oin bai, herriari galdetzera goaz. Herritarron borondatia eta konpromisua geldiezina dalako.

Bidea txikitik handira egiten dihardugu. Baina honezkero 550.000 lagun bizi diran eremuetara heldu gara herri galdeketekin. Euskal herritar guztien aldeko ekarpena izango da gaur beste 52 herritan egingo doguna.

Parte hartzeak egiten gaitu herri, eta gure botuak irudikatuko du etorkizunian nahi dogun herria. Herri bat garalako, erabakitzeko eskubidea dakagulako, herritarron sasoia dalako... Gure, Esku, Dagoelako... Parte hartu eta eman zure botoa eibartar hori!