Gure Eskuk "Herri libre bat" kanpaina aurkeztuko du gaur arratsaldean Soraluzen
Debabarreneko Gure Eskuk Herri libre bat, bi urterako dinamika berriaren aurkezpena egingo du gaur Soraluzen, Kalebarreneko udal lokal berrian, 19:00etan. Azaldu dutenez, “erabakiaren bidea elkarrekin egitea helburu duen Herri libre bat bi urterako dinamika berria hasi genuen martxoan, eta hurrengo ekimenetara begira jartzeko unea ailegatu da orain”. Kanpaina ahalik eta gehien zabaltzeko asmoz, batzar irekiak egiten ari dira eskualde guztietan, eta gaur Soraluzen egingo dena Debabarrena osorako izango da. Batzarrean dinamikaren hurrengo ekimenen nondik norakoak azalduko dira: “Euskal Herria eta herritarrok erabakiaren bidean martxan jartzea da helburu nagusia, eta ildo horretan kokatzen da Herri libre bat kanpaina”. Josu Etxaburu eta Unai Oyarzabal izango dira hizlariak, eta saioak ordubete inguruko iraupena izango du.