'Guria erabili zeinke' kanpaina abiatu du Altxau Burua Eibarko taldeak, Udalaren eta dendarien laguntzarekin
Altxau Burua taldeko Naiara Sarasketaren berbetan, “kanpaina hau Gipuzkoatik dator, eta herri askotan dagoeneko martxan dago. Bat egiten duten dendetan pegatina bat ipintzen dugu, haurrek eta nerabeek errez identifikatu dezaten. Horrela, gurasoei telefonoz deitzeko premia izanez gero, edo bestelako larrialdirik badaukate, denda horretara sartu eta telefonoz deitzen lagako dietela jakinda, beraiek ere seguruago sentitzen dira”. Gaur bertan hasi da kanpaina izena eman duten saltokietan eta zerbitzu guneetan, eta “Guria erabili zeinke” jartzen duen pegatina identifikagarria ere ipini dute. Orain arte, 60 bat saltokik egin dute bat kanpainarekin eta, beraz, telefonoz deitu behar izanez gero, eskuragarri jarriko diete haur-nerabeei.
Ideia, berez, 2025eko apirilean jarri da martxan, eta urtebeteko iraupena izango duela adierazi dute. Bestalde, dendaren batetik kanpainarekin bat egiteko interesa izanez gero, eibar@altxaburua.eus helbidera idatzi daiteke, komertzioaren izena, arduradunaren izena eta telefonoa bidalita. Behin izena emanda, establezimenduan jarri beharreko pegatina jasoko dute.
Eva Juez zinegotziak adierazi duenez, “ekimen hau Eibarko gazteen onurarako izango da, eta Udalak beharrezkoak diren baliabide guztiak jarriko ditu gure haurren eta gazteen ongizatea eta babesa bermatzeko, alegia, adin txikikoak auzoetan eta kaleetan seguruago egon daitezen. Horretarako, komunitateko laguntza eta elkarlana sustatuko da, eta haurrei heldu-erreferentzia bat emango zaie, mugikorrak alde batera utzita eta gizarte-sarea indartuta”.
Jon Iraola alkateak, bestetik, Altxau Burua Eibar taldeak haur eta nerabeen ongizatean erakutsi duen inplikazio handia azpimarratu du: “Proiektu honek gure herriaren konpromisoa islatzen du, belaunaldi berriei ingurune osasungarriagoa, seguruagoa eta orekatuagoa eskaintzeko, teknologiaren erabilerari dagokionez”.