Hamar urte zurekin, baina zu gabe
Badira 10 urte joan zinela, Koldo. Momentu batean ere ez zaitugu ahaztu eta zu barik aurrera egiten saiatu gara. Egin ere egin dugu, azken batean, gure artean jarraitzen ez duzun arren, gurekin zaudela sentitzen dugulako. …eta kitto! Euskara Elkarteko lankideok eta zuzendaritzakideok gogoan izango zaitugu beti, gure barkuko kapitaina.
Ez dugu erraz ahaztuko 2014ko apirilaren lehenengo egun hura. Oraindik ere, joan zinela sinestea kostatzen zaigu. Handia da laga zenuen hutsunea, zure handitasunaren beste. Irribarre batekin ere gogoratzen zaitugu, jakina, zurekin barreak eta umorea ez zirelako falta, eta “alegre biribilketan” jarraitzen dugu zurekin bizitakoak oroitzen.
Bizitza erdia eskaini zenion …eta kitto!-ri. 20 urte bete barik sartu zinen kolaboratzaile, Markeskua jauregian geundenean. Zeinen sasoi polita izan zen. Zurekin batera hasi zen gazte belaunaldiak demaseko freskotasuna eta indarra eman zion elkarteari, eta haize bolada horrek ekarri gaitu, neurri handi batean, gaur egunera arte. Euskararen alde egiteko inoiz baino gogo gehiagorekin, zuk bezala gure hizkuntza bultzatzeko eta sustatzeko hainbeste lan egin duzuenongatik.
Kolaboratzaile lehenengo (gogoratzen duzu grabadora eskuan Eibarko elkarte gastronomiko guztiak bisitatu zenituela liburu gogoangarri bat sortzeko? …eta kitto!-rentzat egiten zenuen lehen lana zen eta nolakoa gainera!), langile moduan hasi zinen gero eta koordinatzailea izan zinen ondoren. Agintzea gustatzen ez zitzaion gidaria. Arazoen aurrean lankideekin lasai berba egiteko maisua eta ingurukoak motibatzen lehenengoa.
Barkuko kapitaina joan zitzaigun apirilaren lehenengo hartan, baina zuk lagatako bide-orriari esker zuzen joan gara, bide zuzenetik, zuk lagatako oinarria sendoa zen-eta.
Zenbat aldaketa hamarkada batean
Elkarteak aurrera egin du eta, pentsatuko duzun moduan, asko aldatu da azken hamar urte hauetan. Hazi egin gara, mila ekintza berri jarri ditugu martxan eta beste askori eutsi egin diegu. Adibidez, euskararen transmisioaren inguruan zenuen kezkak bultzatuta sortu zenuen Txikitto! aldizkaria herriko eskoletan banatzen jarraitzen dugu. 222. zenbakia izan da banatu dugun azkena. Diseinuari hainbeste begiratzen zenion pertsona izanda, ze pena aldizkaria koloretan ez duzula ikusi. Eta ez hori bakarrik, teknologia berrien eta berrikuntzen inguruko horrenbesteko jakinmina zenuela kontuan hartuta, pentsatzen dugu asko poztuko zinatekeela umeentzat bideoak ere egiten ditugula ikustean.
Teknologiaren kasuan gauzak asko aldatu dira, Koldo. Bizkor gainera. Eta zuk bazenekien hori, beti izan zinelako gure gidaria teknologia berrien munduan barneratzeko orduan. Txiolari nabarmena izan zinen Twitterren. Txoriak hegan jarraitzen du, orain X izenarekin eta, azken hamarkadan bertako giroa zertxobait nahastu den arren, ziur gaude zukua ateratzen jakingo zeniola.
Facebookek ere hor jarraitzen du, baina berritasunak etengabe iristen dira eta olatu berriak hartzen saiatzen gara. Iritsi ziren Instagram eta TikTok, eta adimen artifizialaren eztanda eman da berriki. Ez dakizu makinak nolako gauzak egiteko gai diren!
Webgune berria ere martxan jarri dugu. Zure jakinminarekin asko gozatuko zenuke sasoi honetan eta bidea irekitzen arituko zinateke, ziur! Zenbat aldiz pentsatu dugu, “zelan poztuko litzateke Koldo hau ikusiko balu”.
Zure arrastoari eutsiz
Gutxi dira gogoan ez zaitugun egunak. Lanean gogoratzen zaitugu, baina lanetik kanpo ere. Lankidea ez ezik, laguna zinelako. Dena ematen zenuen, barruan eta kanpoan, eta zure energiak gure artean jarraitzen duen arren, zer ez genuke emango oroitzapen hori momentu txiki batez bada ere errealitate bihurtu eta berriz zurekin egoteko.
Harro gaude, harro zutaz eta harro gutaz. Gure bidetik zintzo goaz, zure arrastoari eutsiz. Bidea egiten jarraituko dugu, eta jarraituko dugu gertu zaudela sentitzen. Zurekin, baina zu gabe.