"Hárek gerrako úmiak" dokumentala Ego Ibarraren webgunean ikusgai
Ego Ibarra batzordeak bere webgunean, bideoei eskainitako atalean zintzilikatu du Hárek gerrako úmiak dokumentala: 15 minutuko iraupena duen ikus-entzunezkoak 2012an elkarrizketatutako gerrako umeen lekukotasunak jasotzen ditu eta horiei Eibartarren Ahotan proiektuaren barruan elkarrizketatu ziren beste hainbatenak batu dizkiete. Iaz elkarrizketatu zituztenak Nieves Acha Garmendia, Jesusa Astigarraga Carral, Roberto Altuna Iriondo, Alicia González Acha, Jose Antonio González Acha, Roberto Marcano Magunacelaya, Jose Mari Oyarzabal Landa, Juan de los Toyos Garay, Juana Unzueta García eta Begoña Zaldibar Oyanguren dira. Eta Eibartarren Ahotan proiektutik berreskuratutakoen artean, besteak beste, Margarita Murguizu, Javier Echeverria Eguren eta Jose Ocamica Clementirenak daude, baita Los niños de Rusia pelikulak Piedad Vega de la Iglesiaren testigantza jasotzen duen zatia ere.