Hasiera bikaina Judo Club Kalamuarentzat Gipuzkoako Infantil Txapelketan
Igandean, urtarrilaren 25ean, abiatu zen Gipuzkoako Infantil Judo Txapelketa, lehen fasea Urnietako kiroldegian jokatu zelarik, Gipuzkoako Judo Federazioak antolatuta. Bertan izan ziren Judo Club Kalamuko bi ordezkari: Uxue Gutierrez, -44 kiloko emakumezkoen kategorian, eta Josu Garro, -38 kiloko gizonezkoen kategorian. Gainera, Hegoi Esteban aritu zen entrenatzaile lanetan, eta June Valladares izan zen klubeko delegatua.
Lortutako emaitzak oso positiboak izan ziren, bereziki Uxue Gutierrezen kasuan. Izan ere, eibartarrak ez du azkenaldian entrenatzeko aukerarik izan lesio baten ondorioz, eta oraindik sendatzen ari da. Hala ere, bi borroka irabazi ondoren finalera iritsi zen, eta bigarren postua eskuratu zuen.
Josu Garrok ere bi borroka irabazi zituen, baina parte-hartzaile gehiago izan zituen ligan lehiatu zenez, finalerdietako porrotak hirugarren postua eman zion. Txapelketa faseka jokatzen denez eta puntuak metatzen direnez, klubetik balorazio baikorra egin dute jardunaldiaren inguruan.
Orain, bigarren fasea prestatzen hasiko dira Kalamuko judokak, otsailaren 8an Legazpin jokatuko den hitzorduari begira. Infantil mailakoekin hasi da aurtengo jarduera lehiakorra, eta datozen asteetan alebinek eta kadeteek ere beren txapelketak izango dituzte.