Hasierako onespena eman zaio 55 milioi eurotik gorako Aurrekontu Orokorrari
Aurtengo ekitaldirako Udaleko gobernu-taldeak aurkeztutako aurrekontu-proposamena onartu ala ez, hori erabakitzeko ezohiko bilkura egin da gaur goizean Udalbatza Aretoan. Talde guztietako bozeramaileek beraien azalpenak txandaka eman ondorengo botazioan ez da ezustekorik gertatu oraingoan: Udal kontuak aurrera atera dira, PSE-EEren (8) eta Eibarko EAJ-PNVren (6) aldeko botoekin. Eta oposizioko bi taldeek, Eibarko EH Bilduk (6) eta Elkarrekin Podemos Eibarrek (1), kontrako botoa eman dute. Horrela, Udalaren Osoko Bilkurak hasierako onarpena eman die 2025eko ekitaldirako aurrekontu orokorrari eta dagozkion eranskinei, 55.798.189 euroko zenbatekoarekin. Aurreko urteko aurrekontuarekin (50.604.770 euro) alderatuz gero, igoera nabarmena dago.
Behin hasierako onespena emanda, herritarrek 15 egun balioduneko epea izango dute aurrekontuari buruzko erreklamazioak aurkezteko, iragarkia GAOn (Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala) argitaratu eta hurrengo egun baliodunetik aurrera.
Alkatetzaren Memoria eta bestelako dokumentazio guztia (udal-aurrekontua kapituluka, diru-sarreren eta gastuen aurrekontua eta dirulaguntza izendunei buruzko eranskina) eskuragarri daude jada Interneten, Udalaren webgunean, 2025eko aurrekontua izeneko azpiatalean. Eta, horrekin batera, Udalbatzak gaur egindako bilkuraren bideoa ere eskuragarri dago, HEMEN.