Haur eta Nerabeen lehen Tokiko Plana onartu du Eibarrek

Ibilbide-orria 2028ra arte egongo da indarrean, eta 18 urtetik beherako herritarren ongizatea hobetzeko 93 jarduera biltzen ditu.
Haur eta Nerabeen lehen Tokiko Plana onartu du Eibarrek
2025/05/28 12:59
eta kitto!

Eibarko Udalak, maiatzeko osoko bilkuran, Haur eta Nerabeen Tokiko Plana (HNTP) onartu du. "Planaren helburua da haur eta nerabeen eskubideak udal-politiketan modu eraginkorrean eta zeharkakoan txertatzea, haurrak eta nerabeak eskubide osoko subjektutzat hartuz", diote Udaletik

Dokumentua sei helburu estrategiko eta hamasei jarduera-ildoren inguruan egituratzen da, eta 8,2 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du datozen lau urteetarako.

 

Haur eta nerabeen parte-hartzea erdigunean

Udaletik azaldu dutenez, "planaren ezaugarri garrantzitsuenetako bat hasierako diagnostikoa eta dokumentu bera osatzeko egin den partaidetza-prozesua da". Bertan Eibarko Haur eta Nerabeen Udal Kontseiluko 26 ordezkariek eta udalerriko ikastetxeetako 10 eta 18 urte bitarteko 900 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte. Inkesta eta lan-saioen bidez, beren eguneroko bizitzari buruzko bizipenak eta iritziak partekatu dituzte; aisialdia, hiri-ingurunea, bizikidetza, euskararen erabilera, berdintasuna, aniztasuna edo mugikortasunari buruzkoak, besteak beste.

Prozesu horri udal-sailetako eta gizarte-eragileetan lanean aritzen diren profesionalen inplikazioa gehitu zaio: "Udalak Eibarko haur eta nerabeen garapen osoa lortzeko gainditu beharreko erronka eta lehentasunak identifikatzen lagundu dute denek", azaldu dute.

 

Haurtzaro eta nerabezaroarekin lagunkoiagoa den hiria izateko sei helburu

Egindako diagnostikoari esker, Eibarrek arlo horretan dituen erronka nagusiak identifikatu dira. Hala, Planak lehentasunezko sei helburu finkatu ditu:

  1. Familia-kontziliazioa erraztea eta erantzukidetasuna eta gurasotasun positiboa sustatzea.
  2. Haurren eta nerabeen parte-hartzea bultzatzea eta beren eskubideak benetan gauzatzen direla bermatzea.
  3. Haur eta nerabeen ongizate emozionala eta osasun mentala sustatzea.
  4. Testuinguru formal nahiz informaletan euskararen erabilera indartzea.
  5. Aisialdirako, kulturarako eta topaketarako aukerak zabaltzea eta dibertsifikatzea.
  6. Haurren eskubideetan oinarritutako udal-gobernantza eredu bat ezartzea.

 

Haurren Hiri Lagun gisa aitortzeko bidea

Plana onartuta, Eibarko Udalak Haurren Hiri Laguna (HHL) zigilua lortzeko hautagaitza aurkeztu du. UNICEFek sustatutako aitorpena da HHL, eta Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren tokiko aplikazioarekin konprometitutako udalerriak bereizten ditu.

Eibarko Udalak udal sail guztien inplikazioa eskertu du, baita haur, nerabe, ikastetxe eta gizarte eragilek Plan honen eraikuntza kolektiboan izandako parte-hartze aktiboa ere: "Elkarrekin egindako lan horri esker, Eibarrek herri bidezkoago, abegikorrago eta belaunaldi berriekin konprometituagoa izateko urrats erabakigarria eman du",