“Haurren Lagun den Hiria” bilakatzeko lanean ari da Eibarko Udala
Jon Iraola Eibarko alkateak nabarmendu duenez, "Eibarren, gure haurren eskubideak eta parte-hartzea bermatzeko konpromiso osoa dugu". Halaber, familien, ikastetxeen eta, batez ere, adingabeen inplikazioa eskertu du, haien parte-hartzeak aurreikuspen guztiak gainditu dituelako. "Proiektu honek indartu egiten du hiri inklusiboago eta parte-hartzaileago baten aldeko apustua, non belaunaldi berrien ahotsak entzun eta balioetsiko diren".
Ezarritako baldintzak betetzeko, Udalak sailarteko mahai tekniko-politiko bat osatu du, hilero biltzen dena. Mahai horretan hainbat udal-sailek hartzen dute parte, hala nola Gizarte-Zerbitzuek, Haur eta Gazteriak, Immigrazioak, Kulturak, Berdintasunak, Ingurumenak, Kirolak, Euskarak, baita Hirigintzak, Ekonomia-Garapenak, Ogasunak, Obrak, Segurtasunak eta Komunikazioak ere. Zeharkako ikuspegi horren bidez, ahalik eta ikuspuntu gehienetatik heldu ahal zaizkie haurren beharrei. Horrez gain, Eibarko haurren diagnostiko integrala egin da. Azterketa horretan haurrek hartu dute parte, eta baita haien ongizatearekin lotura duten eragileek eta entitateek ere.
Proiektuaren funtsezko ekintzetako bat Haurren Kontseilua osatzea da, alegia, haurren parte-hartze organo bat, gazteenei aukera emango diena iritziak eman eta dagozkien erabakiak hartzeko. Lehen urrats gisa, inkesta bat banatu zen herriko ikastetxeetan, 300 umeren iritziak jasotzeko asmoarekin. Inkestak izandako erantzunak aurreikuspen guztiak gainditu zituen; izan ere, 880 inkesta batu ziren. Kontseiluko ordezkariak hautatzeko prozesua ere martxan dago. Ikastetxe bakoitzak ume bat edo bi izendatu ahal izango ditu, eta espero da Haurren eta Nerabeen Kontseiluko lehen osoko bilkura otsailaren amaieran egitea.
Sonia Archeli Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak prozesu honen garrantzia nabarmendu du: “Haurren Lagun den Hiria” zigilua lortze aldera lan egiteak aukera ematen digu udal-politika guztietan herriko umeak lehenesteko. Gure asmoa umeen ahotsak entzutetik harago doa; haien ideiak eta beharrak administrazio gisa hartzen ditugun erabakietan funtsezkoak izan daitezen nahi dugu. Era berean, familien inplikazioa eskertu du Archelik: “Hezkuntza-komunitateak erakutsitako konpromisoa eta adingabeen parte-hartzea ikaragarria izan da, eta horrek erakusten du urrats sendoak egiten ari garela herri-eredu inklusiboago bat izateko eta haurren eskubideak errespetatzeko”.