Haurren Mendi irteeren zazpigarren txangoa egin zuten asteburuan
Eibarko 57 umek hartu zuten joan den domekan, martxoak 15, Haurren Mendi Irteeren zazpigarren txangoan. Honakoan, Antzuolan egin zen, Gipuzkoako Eskolarteko XXXVIII. Mendi Ibilaldi Neurtuarekin bat eginez, Bergara, Elgeta, Antzuola eta Debako haurrekin batera.
Bi ibilbideren artean aukeratu behar zuten, luzea eta motza, eta eibartarrek luzearen aldeko hautua egin zuten. Beraz, 9,7 kilometro egin behar izan zituzten. “Antzuolako Arrola Mendi elkarteak bikain antolatu eta gidatutako ibilbidean aukera izan genuen herriko plazatik igarota trenbide zaharrera igotzeko, hainbat tunel zeharkatu, Iturriotz eta Uzarraga auzoetatik igaro, eta San Martzial ermitan hamaiketakoa egin ostean berriz herrira jaisteko. Euria erruz egin zuen arren, azken unean eguzki izpien goxotasunaren saria jaso genuen. Baserri ederren artean zelai berdeetan murgilduta, beste behin, naturak bere alderik basatiena erakutsi zigun, erabat hazitako erreken handitasunarekin”, kontatu digute Deporretik.
Haurren Mendi Irteeren zortzigarren jardunaldia maiatzaren 10ean egingo da: Arantzazu – Tellakaskueta (1.179 m) – Urbia – Arantzazu.