Haurreskolen kudeaketan Udalak izan duen “utzikeria” salatu du guraso talde batek
Eibarko guraso talde batek salatu du Udalaren «utzikeria» eta «babes falta» pairatzen ari direla haurreskoletako plazen gabeziaren aurrean. Gurasoek gogorarazi dutenez, 2025eko apirilaren 11n Diario Vasco egunkarian alkate Jon Iraolak adierazi zuen «inor ez dela kanpoan geratu eta Eibarren inor ez dela geratuko», Udalak «beharrei adi» jarraitzen zuela azpimarratuz. Hala ere, familiek azaldu dutenez, gaur-gaurkoz ez dute irtenbiderik eta «egoerak bere horretan jarraitzen du».
Taldeak nabarmendu du hainbat aldiz ahotsa altxatu dutela eta Udalak «hitz politak» eman dituela, baina «premiei erantzuteko ezer gutxi» egin dela. Haien arabera, Haurreskolak Partzuergoak urte hasieran jakinarazi zion Udalari Next Generation funtsak erabil zitezkeela haurreskolak berritzeko, eta gurasoek irailaren bukaeran Partzuergoarekin bilera eskatu zuten arren, ez zuten erantzunik jaso. Partzuergoak hiru aldeko bilera proposatu zuen, baina Udalak uko egin ziola azaldu dute.
Gurasoek salatu dutenez, Udalarekin egindako bilera batean Partzuergoa ez zen gonbidatua izan, eta udal ordezkarien adierazpen batzuk «onartezinak» gertatu zitzaizkien, hala nola etxean norbait kontratatzeko gomendioa edo inguruko herrietako guarderietara jotzea. Hala ere, Udalak galdetegi bat jarri zuen gurasoen beharrak jasotzeko, baina gurasoekin egindako bileran ez omen zuten jakin zenbat gurasok erantzun zuten.
Irailaren 26an gurasoek Partzuergoari berriz idatzi zioten epeak bizkortzeko modurik ote zegoen galdetuz, eta azaroaren 12an egindako bileran jakinarazi zieten ezin dutela prozesua aurreratu haurreskola berrien lanak amaitu arte; hala ere, lanak bukatzean ezohiko matrikula-epea zabalduko dela azaldu zuten. Gurasoek adierazi dutenez, Partzuergoarekin eginiko bilerak «errespetua eta enpatia» eman zien, baina ez irtenbiderik. Horrenbestez, salatu dute gutxienez bost hilabetez jarraituko dutela plazarik gabe.
Guraso taldearen esanetan, Udalak arazoa «berandu, inprobisazioz eta seriotasun faltaz» kudeatu du, eta horrek ondorio «larriak» ekarriko dizkie familiei: kontziliazioa ezinezko bihurtzea, eszedentziak hartu beharra eta kalte ekonomikoak, besteak beste. Amaitzeko, Udalari hezkuntza-teknikari baten beharra gogorarazi diote.