Hauteskunde egunean segurtasun eta higiene protokolo berria betetzeko neurriak hartu dituzte
2020/07/10
16:49
eta kitto!
Domekako hauteskundeetara begira, osasun eta segurtasun neurriak guztiz zehazteko lanean ari direla jakinarazi du Udalak, “bai mahaikideen bai bozkatzera doazenen segurtasuna bermatzeko”. Asmo horrekin ezarriko diren neurri berezien artean, besteak beste, hauek aipa daitezke: mahai bakoitza normalean baino luzeagoa izango da (6 metroko luzera izango du, gutxi gorabehera), horrela bertan jarri behar direnen arteko segurtasun-tartea zaindu ahal izateko; horrekin batera, mahaietara joateko zein irteteko ibilbideak seinaleztatuta egongo dira; eskuak garbitzeko gel hidroalkoholikoa ipiniko dute eskuragarri eta, hauteslekuetan bete beharreko guztiak betetzen direla zaintzeko, polizia eta segurtasun-kontrolak ezarriko dituzte. Aipatutakoekin batera, botoa eman ahal izateko derrigorrez joan beharko da maskara jantzita, hauteslekutik guztiz irten arte. Hauteskunde Batzordeak ezarritako neurri horiek bete ahal izateko, Udalak hautesleku batzuen kokapena aldatu behar izan du. Zehazki, aldaketak izango dira Amañako dorreetan dauden mahaietan, Amañako parrokiako lokaletan daudenetan, Egogain gerontologikoan eta Coliseo antzokiko mahai batzuetan. Udalak oharrak jarri ditu toki-aldaketa izango dutenen pegoretan. Zalantza izanez gero, gogoratu etxeko buzoian jasotako errolda-txartelak adierazten duen lekura joan beharko dela beti.