Hauteskundeei jarraipena egingo diegu egun osoan

Hauteskundeei jarraipena egingo diegu egun osoan
2015/12/20 10:43
eta kitto!
Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak deitu dituztela eta, hogeigarrenez irtengo gara kalera goizean goizetik, egunean pasatzen direnen berri zuei emateko asmoarekin: beste batzuetan egindakoaren bidetik, egunean zehar alderdi politikoetako ordezkariekin egongo gara, botua ematera doazenian kanpaina zelan ikusi duten eta zelako emaitzak espero dituzten galdetzen. Erantzunak jaso ahala, interneten www.etakitto.eus helbidean sartuko ditugu esandakoak, nahi duenak irakurtzeko aukera izateko. Eta mahaiak itxi eta jarraian, hautesleku guztietara joango gara, mahairik mahai botuak kontatzen dituztenean emaitza guztiak zuzenean jasotzeko. Emaitza guztiak ditugunean atzera ere alderdi politiko guztiekin egingo dugu berba, horien inguruko inpresioak biltzeko eta, egunean zehar egindako moduan, horiek ere jaso ahala gure webgunean sartzen joango gara, Eibarko behin-betiko emaitzekin eta bestelako informazioarekin batera. Eta interneten ez ezik, hauteskundeei buruzko guztiak paperean ere emango ditugu argitara, astelehen goizean herriko kiosko eta dendetan doan banatuko den hauteskundeetako ale berezian.