Helduen Egoitzetako langileek greba egingo dute eguenean

Helduen Egoitzetako langileek greba egingo dute eguenean
2022/03/21 18:17
eta kitto!
Gipuzkoako Helduen Egoitzetako langileek greba egingo dute martxoaren 24an, eguenean, LAB sindikatuak deituta. “Grebara batzeko deia luzatzen diegu gipuzkoarrei, langileen aldarrikapenak babesteko eta elkartasuna adierazteko”, diote sindikatutik. Izan ere, LABekoen berbetan hau ez da langileen eta patronalaren arteko gatazka bakarrik, “Gipuzkoako jendarteari eragiten dion auzi soziala baizik”. “Kalitatezko zaintza zerbitzuak jasotzeko eskubidea edota zaintza lanak baldintzarik duinenetan eskaintzekoa urratua izaten ari da eta ezin dugu beste alde batera begiratu“, euren ustez.

Sindikatuaren iritziz, “jadanik larria zen egoera jasanezina bihurtu da” Gipuzkoako Helduen Egoitza gehienetan. “Gehiegizko lan-kargak eta egoiliarrei behar duten atentzioa eskaintzeko denbora falta, soldata-arrakalak egoitza berean edota lan berbera egiten duten sektoreko langileen artean, egutegietan egiten diren etengabeko aldaketak, ordu sindikalak hartzeko oztopoak, lanpostuen egonkortze eza edo justifikaziorik gabeko kaleratzeak, balorazio psikosozialik ez egitea, protokoloen eta segurtasun-irizpideen etengabeko aldaketak...”, gertatzen dira eurek diotenez.

 

Grebaren kronologia

Gipuzkoako Helduen Egoitzetako langileen ezinegona ez da atzo eguerdiko kontua eta greba deitzeko zenbait gauza gertatu dira aurretik. Horrela, LABek adierazi digunez, "urriaren 28ko greba egunean bilera-eskaera formal eta publikoa egin genion Foru Aldundiari, Helduen Egoitzetako egoeraz berba egin eta irtenbideak bilatzeko. Azaroaren 12an, ostera, erantzunik jaso ez genuenez, beste greba egun bat egin genuen. Oraingoan, GFAk ateak itxi zizkigun muturren aurrean”, diote. “Abenduaren 17an, bilera egun baten zain jarraitzen genuenez, Gizarte Politiketako egoitza okupatu genuen”.

Okupazioaren ondorioz, Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak langileekin hitzordua izateko konpromezua hartu zuela diote, baina orain ez dela eurekin harremanetan jarri. “Langileok, ostera, ez gara Markel Olano edota Maite Peñaren borondatearen zain geldituko”, diote.

Otsailaren 16ko greba egunean 60 mugimendu sozialen atxikimendua jaso zuten langileek, “baina administrazio publikoak entzungor egiten jarraitzen du”, sindikatuaren berbetan.

Egoera horren aurrean, “negoziazio kolektiboa berraktibatu eta gatazka hau desblokeatzeko momentua da”, LABen ustez, “Osasun Larrialdian zehar langileek egindako esfortzu eta sakrifizioa mahai gainean jarri eta Administrazio Publikoari zein Patronalari langileek merezi duten errekonozimendu sozial eta ekonomikoa exigitzeko momentua da. Jendartea sentsibilizatzen jarraitu eta borroka sindikalaren bitartez presio soziala biderkatzeko momentua da”.

 

helduen egoitzetako greba