Herri Ekinaldi Legegilearen alde sinatzera deitu dituzte herritar guztiak
Pentsiodunen proposamena Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzeko adina sinadura jasota izan arren, sinadura gehiago bildu eta aurkeztea eskatu diete. Hori dela eta, protesta egiteko manifestazioa egin dute gaur Euskal Herri osoko ehundaka pentsiodunek. Manifestazioa Bilbo plazan hasi eta Gasteizko katedral berriaren parean amaitu da.
Azaldu dutenez, EHPM-k Legebiltzarrean aurkeztuko duen Herri Ekinaldi Legegilea aurrera ateratzeko milaka sinadura bildu behar dituzte eta, eskatutako kopurura lehenbailehen ailegatzeko, herritar guztiei dei egin diete Legebiltzarrean aurkeztuko duten Herri Ekinaldi Legegilea beraien sinadurarekin babestu dezaten. Eskatu dizkieten gutxieneko 10.000 sinadurak eta gehiago bildu dituzte honezgero, baina gehiagoren premia dagoela ohartarazi dute pentsiodunen ordezkariek. Gaurko mobilizazioan parte hartu dutenei gogorarazi dieten moduan, “gutxieneko pentsioak osatu eta gutxieneko soldatarekin berdintzeko euskal sistema bat” eratzera behartu nahi dute Eusko Jaurlaritza.