Herri Urrats euskararen aldeko jaia egingo dute domekan
'Elgarrekin' lemapean, Senpereko aintzirak berriz ere milaka lagun bilduko ditu heldu domeka honetan, Herri Urratseko edizio berrian. Ikastolen komunitatea zein euskararen aldeko engaiamendua indartzea xede duen jaiaren xehetasunak eman zituzten Erik Etxart Seaskako lehendakari kidea, Koldo Rodriguez Herri Urratsen koordinatzailea eta Mañu Erviti Herri Urrats elkarteko lehendakari kideak, auzolanari gorazarre eginez aldi berean.
Antolatzaileek gogorarazi zuten aurten ere Herri Urrats ezinbestekoa izanen dela ikastolen ekonomia eta egiturak sostengatzeko. Aurtengo irabaziak bi helbururi bideratuko dizkiete: Arberoako suteak eragindako kalteen konpontzea eta Kattalin Elizalde kolegioko lanen bigarren fasea finantzatzea. Festaren egitaraua ikusgarria da: bost gune nagusi, haurrendako txokoak, kirol saioak eta eskualdez eskualdeko kultur eskaintza. Musika alorrean, eszenatoki nagusietan Süne, Ingot, Olatz Salvador, Dupla edota Ezpalak izango dira; dantzaren gunea Xiberoan kokatuko da, Kukai eta Dantzaz bezalako taldeekin. Gipuzkoa gunean, berriz, bertsolaritzak eta kantugintzak hartuko dute protagonismoa.
Haurrendako eskaintzarik ere ez da falta: tailerrak, puzgarriak, antzerkia eta pailazoak izango dira Araba, Lapurdi eta Bizkaia guneetan. Bestalde, aurten berriz itzuliko dira Herri Kirolak, KEI gunean aizkolarien eta harrijasotzaileen saio ikusgarriekin. Berritasun gisa, Xiberoa gunean Tokiko gunea zabalduko da, tokiko eta kalitatezko jan-edana eskaintzeko.