Herriaren historia eta ondarea ezagutzeko bisita gidatuak egingo dira Aste Santuan
Udalak, Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailaren bitartez eta Debegesa eskualdeko garapen-agentziarekin lankidetzan, bisita gidatuen edizio berri bat antolatu du Aste Santurako, “hiriko eskaintza turistikoa ezagutarazteko eta bertako elementu erakargarriak eta historia balioan jartzeko”. Bisitek ordu eta erdiko iraupena izango dute (18:00etan hasi eta 19:30ean amaituko dira) eta martxoaren 28an, 29an (euskaraz) eta 30ean, eta apirilaren 1ean egingo dira. Bisitak doakoak dira, baina aldez aurretik erreserba egin beharko da, ekonomia@eibar.eus helbidera idatzi edo 943 70 84 51 telefonora deituta (lan-egunetan, goizeko ordutegian). Martxoaren 27ra arte eman daiteke izena. Nerea Alustiza historialari eibartarrak egingo ditu bisitak, San Andres parrokian hasi eta Estaziño kaleraino. Ibilbide horri jarraituta, herriaren historiari eta ondare industrialari buruzko azalpenak emango ditu.